XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XX-garren mendeko idazleak azaltzen ditu ONAINDIA-k, II-garren liburu hortan, Bizkaikotik asirik eta Lapurdi, BaxeNabarre, Zibero, Gipuzkoa eta Nafarroa aipatuz, bai eta Araba ere.

Bizkaian aipagarriena, MOGEL da lehenbizikoa; Juan-Antonio idazle nagusia, bere illoba Jose (hala argiago izena Juan-Jose baiño, Juan-Antonio izenarekin ez nahastekatzeko) eta Bizenta baino bi maila goragokoa segurki, idazle gisa, bai eta adimenaren aldetik.

Eztugu uste, beraz, irurok berdin aberats izan zirela, autoreak dion bezala.

Juan-Antonio, jende letradun eta argiekin gurutzatu zen, Humboldt, Vargas Ponce, Astarloa eta beste.

Medikuen familiakoa zen, Eibarren jaioa, bertako sendakinaren semea; gero, Deba eta Markinara aldatuak, azken iri huntan pasatu zituen bere urte geienak.

Baina, bere adimen-dohai guztiez lagundurik, PERU ABARKA nobela idatzi zuen; eta hala gelditu da, gure literatur guztian idatzi den liburu ederrenetariko bat; ez bakarrik izkuntza biziaren aldetik, bi giza-eredu edo tipo pintatu zituelakotz baizik.

Euskalherrian bizi-bizirik dauzkagun bi ikusmolde eta izpiritu moeta azaltzen dira; bata, Peru baserritarra, euskaldun garbia, prestua eta elizkoia, euskera errotik dakiena; bestea Maisu Joan barberoa, euskera zirti-zarta, nola nai erabiltzen duena, umoretsua, izpiritu zabalekoa, azolagabe eta jostetak eta mahai ona maite dituena.

Irakurle jendeak, Peru-ren aldera botatzen oi du begia, prestutasunaren karietara, baina uste dut autoreak maiteki azaltzen dituela Maisu Joanen barrabaskeriak, eta begikoagoa egiten duela, bere lotsagabekerien artean, Peru zintzo eta zuhurra baino; nik beintzat hala uste.

Gero ere MOGEL-ek euskaraz baditu, latin-autoreetatik itzulitako zatiak, Quinto Curcio, Salustio, Tito Livio eta Ciceron-etik batik bat.